Aurkezpena

Ongi etorri Bartzelonako Unibertsitateko Euskara Saileko webgunera!

Bartzelonako Unibertsitateko (UBko) Filologia Fakultatean hogei bat hizkuntza irakasten dira; eta horien artean, euskara. Euskara irakasteko ibilbidea 1980ko hamarkadan hasi zen UBn. 2007ko otsailean, Eusko Jaurlaritzaren eta UBren arteko hitzarmena zela bide, euskarako irakurle-programa jarri zen abian euskara eta euskal kultura mugaz gaindi sustatzeko asmoz.

Gaur egun, Euskara Saila Hizkuntzalaritza Orokorrekoaren barruan dago. Sailaren helburua da filologia edo hizkuntzalaritza ikasten ari diren ikasle eta ikerlariei hizkuntza ez indoeuropar hau ezagutaraztea eta horrekin batera, euskal literatura eta kultura zabaltzea.

Webgune honetan unibertsitatean euskararen inguruan egiten diren irakasgai zein ekitaldiei buruzko informazioa izango duzue eskura. Horrez gain, euskararekin zerikusia duten web-orrien estekak ere aurkituko dituzue.

Bartzelonako Unibertsitatean ez ezik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Bartzelonako Euskal Etxean eta bertako Hizkuntz Eskola Ofizialean ere euskarako eskolak eskaintzen dituzte. Guztira, Bartzelonak 400 bat euskara ikasle jasotzen ditu urtero.